MUSIKA

Ahots safaria

Ibon Rodriguez IbonRG musikariak bere bakarkako estreinako lana aurkeztu gaur goizean, Bilboko Xake gunean. Kataluniako Repetidor diskoetxeak argitaratua, Hil zara binilozko bi hamar hazbeteko formatuan dator: lehenengo diskoa a capella jaso du Ibonek; bigarrena, berriz, pianoarekin eta ahotsarekin baino ez.

Egunerokotasunak dakartzan inperfekzio, ezberhar eta kasualitateetatik sortutako 16 doinu biltzen ditu diskoak, eta kantuok ahotsaren aukeren inguruan ardazten den osotasuna eraiki dute. Sormen prozesu osoan konfidantzazko lagun-taldea izan du Ibonek ondoan: Tzesne ekoizle artistikoa, Jon Martin pintorea eta diskoaren azal ederraren egilea, Ima Paralux bideo-artista eta Ane Arana produkzio-lanetan.

Ibonek azaldu duenez, kantuok 2017koak dira. “Aspalditik nuen gogoa a capella sortzeko. Hala, dutxan, kalean edo gaur erdian kantatzen edo bururatzen zitzaizkidan zirriborroak telefonoan jasotzen hasi nintzen. Melodia horiek errepikatzen hasi ziren, eta horiekin jolasten hasi nintzen inolako asmorik gabe, zein formatu izango zuten jakin gabe, baina egin ahala hartu dute azken formatu hori”.

Kantuok, azkenik, forma hartu zuten bi kasualitateren ondorioz. Batetik, 2017an Repetidor zigiluko Daniel Ardurarekin (Alado Sincera) sei kontzertu egin zituen Ibonek, Arduraren bakarkako lana aurkezteko asmoz. “Orduan onartu nintzen a capellako kantuek bestelako forma bat hartu behar zutela, ni ordura arte inprobisazioan oinarritutako ahotsaren esplorazioan  bainebilen”.

Bestetik, pianoaren presentzia etorri zen, hasiera batean hitzik ez zuen a capellako kantu bat Koldo Izarrigerren Baldintza Subjektiboak poemaren testuarekin jantzi zuenean. “Abestiak beste norabide bat hartu zuen testuarekin, eta azkenik, pianoa jarri nion Koldoren hitzei; ezinezkoa egin zitzaidan pianoa kentzea. Hortik beste abesti batzuk sortu ziren, eta gero kontzertuak etorri ziren,”.

“Hil zara”

Daniel Ardurarekin egindako bira horren ondotik, diskoa egiteko prozesua etorri zen, baina Ibonek musikari gisa berez duen inkorformismoari erantzunez, ohiko estudioetan ez grabatzea erabaki zuen. “Estudioan egiteari ez nion zentzurik ikusi”. Hortaz, hainbat kobazulotara jo zuen. Horren ondorioz, lehenengo diskoan jasotako kantuek sonoritate oso ezberdinak haizatzen dituzte. “Masterizatu duen teknikariak esan zidanez, lekuek zurekin abestu dute”. Diskoaren lehen zati hori Iparraldeko kantagintza tradizionaletik abiatzen den ahots safaria da, Tom Waitsen tankerako onomatopeietara iritsi arte, besteak beste. “Monotonoa izan zitekeen leku berean egitea. Horretaz gainera, grabazio prozesuan gertatutako ezbehar eta inperfekzioak ere antzeman daitezke: hegazkin bat pasatzen da, katagaorri bat agertu zen, bai eta eta mendizaleren bat ere, ur tantak ere entzuten dira…”.

Bigarren diskoa, piano eta ahotsarekin osatua, Eibarko Musika Eskolan jaso zuen, “isats-piano batekin”. “Grabazio horretan, eta prozesu osoan, sekulako garrantzia izan du Tzesnek, berak hartu baititu erabaki tekniko eta artistiko guztiak”, gaineratu du Ibonek.

Behin diskoa argitaratuta, disko bietatik zeinek asebete dion gehien galdetu diogu: “Ez dago aukeratzerik, dena da osotasun bat”, erantzun du.

Hitzen zama

Deigarria da Ibonek hitzekin duen harremana, bere musikan bigarren mailan baitaude. “Nire kezka zen hitzak nola uztartu melodiari eta kantuari gutxien molestatzeko. Haatik, musika oso biluzia da diskoan, eta hitzek pisu handia dute, beraz, zaindu behar izan ditut”. Hala, hitzen  kontua “sufrimendu” eta “dibertimendu” bilakatu zaizkio. “Jolas bezala hartu dut lan hori, eta pozik nago”.

IBONRG Hil zara from

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button